Basaizea Elkartea hilabete osoa darama kultur ekitaldiak egiten eta igandean helduko diote egun handiari, Nafarroaren Egunari. Urtero legez, apirilaren azken igandean ospatuko da aurten ere, Baigorrin. Goizetik iluntzera bitartean iraungo duen egitaraua antolatu dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “folklorismotik haratago” aldarrikapen eguna ere izango da; euskararen zilegitasuna izanen dute aldarri. Xalbat Alzugaray antolakuntzako kideak adierazi moduan, "kultura euskaraz egin daitekeela erakustea, euskal sorkuntzari lekua ematea" da helburua.
Goizean goiz abiatuko dira ekitaldiak igandean eta 11:00etan Nafarroa osoko hainbat dantza taldek desfilea eginen dute, txistulari, gaitero eta txarangekin batera. 11:30etan ekitaldi nagusia abiatuko dute Elizako plazan eta bazkalostean musikaren tartean Belako taldea izango da oholtza gainean besteak beste.
Gainera, Baigorrira gerturatzeko autobusak antolatu dituzte Tafalla, Baiona, Maule, Donibane Lohitzune, Hazparne, Donapelu eta Iruñetik.