Azken astean amorrua sentitu dut, berriro ere. Jakin dugu, Donibane Lohitzunen, emakume bat topatu dutela hilda, dirudienez, bere bikotekideak eraila. Ez hori bakarrik, jakin dugu apirilean eraikin batetik jausitako emakume bera dela. Jakin dugu ertzaintzak oraindik ez duela erabaki zer neurri hartu indarkeria matxistaren biktima bati sexu erasoa egiteagatik kondenatutako ertzainarekin. Jakin dugu, Iruñeko Sanduzelai auzoan, bi gizonek beste baten aurkako eraso homofobo bat egin dutela. Jakin dugu, Txantreako jaietan, adingabe bat atxilotu dutela beste bati sexu eraso bat egitea egotzita.
 Eta amorrua ez da bakarrik aipatutako gertakariengatik, baizik eta haien inguruan izandako jarrerengatik. Jakin baitugu, Donibane Lohitzuneko emakumearen kasuan, aurrekari psikiatrikoak zituela argudiatuta, berehala jo zutela suizidio saiakeraren hipotesira, apirilean gertatutakoa azaltzeko. Jakin baitugu, ertzaintzaren kasuari dagokionez, jaurlaritzak berehala esan duela kasu isolatua dela, eskuak garbitu nahian. Jakin baitugu, Sanduzelaiko kasuan, sare sozialetan jendea erasotzaileen jatorrian zentratu dela, “inportatutako bortizkeria” dela esateraino, bertan sortutakoek horrelako erasorik eginen ez balute bezala. Jakin baitugu, Txantreako kasuan, erasotzaileak 16 urte besterik ez zuela.
 Horrelakoetan, nire buruari galdetzen diot ea aurrera ari garen egiten. Zintzotasunez, uste dut baietz, ari garela; baina horrelako egunetan zaila egiten zait sinistea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!