Txalodependentziaren kontra

Egun on:
Jon Sarasuak bertsolaritzari buruzko jardunaldi batean errandako hitz batzuek hautsak harrotu dituzte azken egunotan euskalgintzaren munduan. Besteak beste, honako hau bota du bertsolarien jardunari buruz: “ikusi dudana da banda-zabalera bat dagoela esan daitekeenaren eta esan ez daitekeenaren esparrua markatzen duena. Espektro horrek ez du harrapatzen entzule guztien zabalera, dezente estuagoa da normalean”
Beraz, txalodependentzia handia dagoela eta bertsolari gehienek publikoari gustatzen zaiona kantatzen dutela, hortik atera gabe. Gehiago sakonduz, marko hori progresismoak zedarritzen duela zehaztu du: “Progresistek beren aurreko belaunaldiek sinesten zuten guztiarekin hautsi zuten eta, hala ere, aurreko belaunaldiek ulertu egin zituzten. Baina, aldi berean, progresistak ezin du jasan bere printzipiorik txikiena haustea edo zalantzan jartzea”.
Ni ez naiz aditu, urrundik ere, bertsogintza kontuetan, baina abegi onez hartu ditut Sarasuaren hitzak, bi arrazoiengatik gehienbat: lehena, euskaldunon munduan ahots disidenteak entzutea ez baita bat ere erraza, eta horrek, batzuek pentsa dezaketenaren kontra, gure pentsamendua kaltetu baino aberastu egiten duelako. Bigarrena, Sarasuak bertsogintzaz dioena beste anitz arlotara zabaldu daitekeelakoan nagoelako, izan euskarazko pentsamendua, komunikabideak, literatura, politikagintza, eta gehiago. 
Ados egon ala kontra egon, gogoeta interesgarri bat egin digu Aretxabaletako irakasleak eta merezi du horretan sakontzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!